ZER DA BODY NEUTRALITY?
Body neutrality edo «gorputz-neutraltasuna» da norberaren gorputzarekiko sentimendu neutralaren alde egiten duen mugimendua. Body positivity (gorputz-positibotasuna) mugimenduaren helburua da guri geure gorputza gustatzea eta den moduan maitatzea; body neutralityk, aldiz, ez digu gure gorputza goresteko eskatzen, baizik eta gure gorputza zerbait neutroa dela pentsatzeko eta hala onartzeko. Mugimendu horren barruan, gorputzen funtzioak eta aukerak balioesten dituzte pertsona batzuek, gorputza modu funtzionalago batean ikusteko, edertasunetik bereizita.
Gemma Chua-Tranen argazkia, Unsplash ataritik hartua.
Bestalde, body positivityk kritika ugari jaso ditu, gorputz mota guztiak barne hartzen ez dituelako. Izan ere, tamaina handiko gorputzekin irudikatzen da maiz, baina proportzio bikainak dituzten gorputzekin, eta, oro har, neurri jakin batekoak dira, zuriak, gazteak, desgaitasunik gabeak, etab. Body neutrality, beraz, kritika horien ondorioz sortu zen, pertsona batzuei ez baitzitzaien oso errealista iruditzen. Hau da, norberaren gorputza etengabe maitatzea eta beti eder ikustea helburu zaila da askotan; errealistagoa dirudi besterik gabe onartzea hor dagoela eta hainbat eginkizun dituela, bizirik dagoela, gorabeherak dituela, loditu eta argaldu egiten dela, zahartu egiten dela, gaixotu eta sendatu egiten dela eta aukera asko ematen dituela, haren edertasunaz harago.
*GARRANTZITSUA*: hau ez da zerbait indibiduala, ez da pertsona batek bere burua onartzeko edo maitatzeko duen gaitasunaren araberakoa bakarrik. Gorputzen gain egiten den presio sozialak biziki zailtzen du gorputzarekin adiskidetu ahal izatea, etengabe jasotzen baititugu gorroto-mezuak komunikabideen edo kultura-produktuen bitartez, senideen eta lagunen aldetik, edota eskola-jazarpen moduan... Horregatik, lan terapeutikoak, familia- eta hezkuntza-lanak eta lan kolektiboak –hala nola aktibismoa, elkarrizketa-taldeak edo sare sozialen bidez edukiak hedatzea– testuinguru hau aldatzen laguntzen dute, eta, horrekin batera, baita gu geu eta gure ingurua ere.
Erreferentziak:
● Fuller, K. (2021eko ekainak 11). “Body Positivity vs. Body Neutrality”. Verywell Mind. https://www.verywellmind.com/body-positivity-vs-body-neutrality-5184565#:~:text=Body%20neutrality%20was%20coined%20after,body%20positivity%20and%20fat%20acceptance.
● Kessel, A. (2018ko uztailak 23). “The rise of the body neutrality movement: ‘If you´re fat, you don’t have to hate yourself’”. The Guardian. Hemendik hartua: https://www.theguardian.com/lifeandstyle/2018/jul/23/the-rise-of-the-body-neutrality-movement-if-youre-fat-you-dont-have-to-hate-yourself
● Cheesman, D. (2021). “What is body neutrality - And how can we practice it (if we so choose)?”. The Good Trade. https://www.thegoodtrade.com/features/body-neutrality